Jai zoriontsuak, bianarrak!

Erentzun Fundazioak Vianako herritar guztiak agurtu nahi ditu, jaiak direla eta. Badira sei urte, gure ibilbidea hasi zenetik, eta denbora tarte honetan gure Fundazioaren konpromisoarekin lotutako ekintzak gauzatzen saiatu gara, hots, Nafarroako euskal kultura, ohiturak eta hizkuntza dinamizatzea.

Erentzun Fundazioak Nafarroako konkistako V. urteurrenaren “Nafarroako historialarien kongresuen zikloa” amaitu zuen. Hirugarren edizioa, Arrasate, Leitza, Agoitz eta Iruñean antolatua, konkistaren ondorioetan zentratu zen, eta, une historikoak analizatzerakoan, irabazleen puntutik, konkista pairatu zutenen ikuspuntura pasatzea suposatzen duen errebisio historikoaz mintzatu zen.

Udazkenean mendi irteerekin jarraitu genuen, Izkira eta Monjardineko gaztelura, hain zuzen ere. Eguberrietan, Mari Domingi eta Olentzeroren ohiko ekitaldiak egiteaz gain, Gabon- gauan haurrek Olentzeroren irudia eraman zuten kalejiran; aldi berean, gabon kantak abestu zuten, alai-alai.

Horrez gain, abenduan, Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen azken ikuskizuna ekarri genuen Vianako kiroldegira: SENTITU, PENTSATU, EKIN! Vianako eta eskualde osoko haurren parte-hartzea apartekoa izan zen. Data horietan ere,  Iñaki Ochoa de Olza mendizalearen erreskatea kontatzen zuen “Pura Vida” pelikula ikusteko aukera izan genuen. Otsailean, Agate Deunaren bezperan, ohitura denez, kalejira egin, eta koplak dantzatu genituen. Partaidetza nabarmentzekoa izan zen.

Udaberria euskararen aldeko ekimen polit batekin hasi zen: Arabar Errioxa eta Vianako korrika. Gure hiritik Moretara joan zen, jai alaitsu batez Eltziegon amaitzeko. Artisautza Azokak bere urteroko hitzordua bete zuen. XXVI. edizioa jada, ez da gutxi. XVI. eta XX. mendeen arteko faktura-erakusketa batekin hasi zen.  Larunbatean, aspalditik bisitatzen ez gintuen Gorriti eta bere animaliekin disfrutatu zuten haurrek. Coso-ko enparantza gure dantza jaialdiaren lekukoa izan zen. Eguzkia festara gehitu zen, urtean zehar izandako eguraldi kaskarra urrunduz. Erentzungo Eskortak saria Erramun Osarentzat izan zen, euskararen aldeko bere konpromiso tinkoagatik.

Bestalde, gure webgunea berritu eta eguneratu dugu. (www.erentzunfundazioa.org) Bertan gure jarduerez informaturik egon zaitezke, baita burutzen ditugunen ekintzen gaineko iritzia eman ere; halaber, ideia berriak proposatzeko aukera duzue bertan.

Maiatzean, gure dantzariekin Itziar bisitatu genuen eta aste batzuk beranduago Debako “Andutz” dantza-taldea gure artean izan zen. Uztailaren lehen hamabostaldian, euskara eta ingelesezko ludotekak antolatu dira, familia batzuen beharrei erantzuna emanez. Jaietan berriro ere, gure txosnaz disfrutatzea espero dugu: gure udako terrazan ogitarteko ederrak afaltzeko aukera izango duzue.  Lortutako etekin osoak Fundazioaren instalazioak hobetzeko erabiliko dira.

Jai zoriontsuak opa dizkiegu bianar guztiei!

GORA MADALENAKO JAIAK!


Idatzi iruzkina

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>